miércoles, 11 de marzo de 2009

Lana eta lan baldintzak, sindikatuak, 4.gaia

Langileak eta lan baldintzak

Hemen duzue sindikalgintzarekin zerikusia izan zuen hainbat pertsonaiaren inguruko informazio laburra:

Perezagua, Facundo

Politikari bizkaitarra (Toledo, 1860 - Bilbo, 1935). Madrilgo "El Porvenir" elkarte sozialistako lehendakaria izan zen (1880). Bilboko lehen elkarte eta sindikatu sozialista eratu zituen (1886). Sozialisten barruko joera erradikalaren buru izan zen 1890az gero. Hizlari gogorra, larderiatsua eta zakarra zen eta alderdian bertan tirabirak izan zituen PSOEko buruzagiekin; ondorioz, alderditik egotzi egin zuten (1915). 1919an PSOEn sartu zen berriro eta 1921ean Bizkaiko Alderdi Komunista sortu zuen zatiketaren eragile izan zen.

Ibarruri Gomez, Dolores (izg. Pasionaria)

Politikari bizkaitarra (Gallarta-Abanto, 1895 - Madril, 1989). Meatzari-familia batean sortu zen. Gaztetan marxista bilakatu eta 1917ko greba iraultzailean meatzarien buru izan zen. Espainiako Alderdi Komunistako komite zentraleko kide (1930) eta Gerra Zibilean alderdiko propagandista garrantzitsua izan zen. Kongresurako diputatu hautatu zuten Asturiasen (1936). Gerra Zibila amaitutakoan Moskura atzerriratu zen eta errefuxiatuentzako laguntza antolatzen jardun zuen. PCEko idazkari nagusi (1942-60) eta lehendakaria izan zen (1960). Atzerritik itzuli eta berriro Kongresurako diputatu hautatu zuten Asturiasen (1977). Emakumearen, eta batez ere emakume langilearen, alde lan itzela egin zuen.
Iglesias, Pablo Politikari espainola (Ferrol, 1850 - Madril, 1925). Espainiako sozialismoaren figura nagusia, PSOE (1879) eta UGT (1888) sortu zituen, eta bietako lehendakaria izan zen. El Socialista egunkaria fundatu zuen. Espainiako langileen lehen greba antolatu zuen (1882).

Iglesias Garrigos, Juan

Politikari bizkaitarra (Bilbo, 1915). UGTko kidea (1930) eta Juventudes Socialistas-eko idazkaria izan zen (1935). Gerra Zibilean atxilotu eta, hasieran heriotza-zigorra, baina gero biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten. 1938an ihes egin eta PSOE berrantolatzen aritu zen. 1947an Iparraldera alde egin zuen eta Euzko Jaurlaritzako kontseilaria izan zen (1970). Franco hiltzean Bilbora itzuli zen (1976). Eusko Kontseilu Nagusiko eta Euzko Jaurlaritzako kontseilaria izan zen aldi berean. Bi karguak utzitakoan Euskal Herriko PSOEko lehendakari izendatu zuten (1977). 1982an erretiratu egin zen
politikatik.

Redondo Urbieta, Nicolás

Sindikalista bizkaitarra (Barakaldo, 1927). Sindikalismoaren aldeko borroka klandestinoan ibili zen; 1945ean UGT sindikatuan eta Juventudes Socialistas taldean sartu eta bietako Hego Euskal Herriko arduradun nagusia izan zen. 1961ean atxilotu egin zuten eta harrezkeroztik behin eta berriz egon zen preso. UGTko idazkari nagusia (1976-94) eta Bizkaitik PSE-PSOEko diputatua izan da (1977, 1979, 1982 eta 1986). Politika ekonomikoa ongizate sozialera begira egitearen aldekoa, PSOEren gobernuaren politikaren aurka bideratu zuen sindikatua; hala, diputatu-kargua utzi egin zuen (1987).

No hay comentarios: