lunes, 8 de marzo de 2010

Gailetak



Gosaritarako bederatzi galleta aztertu ditugu: Betiko 'maria' galletak dira osasungarrienak. Konsumer eroski

Egunero gosaritan jateko, 'maria' era-koak dira egokienak, galleta 'gorrituak' eta beste batzuk baino gehiago: gantza osasungarriagoa dute, zuntz gehiago daukate eta kaloria gutxiago. Eta dastatze proban emaitza ona lortu dute.

Gosaria izaten da eguneko lehen otordua, eta garrantzi handikoa gertatzen da haur eta gazteentzat. Gosaririk egokienak esnea eduki behar luke, edo esnekiak, kaltzioa emateko; fruta eta zukuak, zuntza eta bitaminak emateko; eta laboreak, beren karbohidrato eta proteinekin.

Baina gauza bat da zer den gosaririk egokiena, eta beste bat, berriz, zer gosaltzen den gure etxeetan. Eta zer jaten dugu, bada, gosaritan? Galletak, nagusiki. Hori dela eta, gosaritarako 9 galleta aztertu ditu CONSUMER EROSKI-k laborategian: oinarrizkoak izan dira horietako bi (Petit, Río etxekoa, eta La Buena María, Fontanedarena), gorrituak lau (Marbú Dorada, Artiach etxekoa; La Buena María Ilustrada, Fontanedarena; María Oro, Cuétararena; eta Creme Tropical, Gullón etxekoa) eta beste hirurak bereziak (Marie Lu, Lu etxekoa; Chiquilín, Artiachena; eta Yayitas, hori ere Lu etxekoa).

Legeak dioenez, galleta horiek guztiak "maria erakoak dira, xigortuak eta trokelatuak", eta osagaien artean, irinak, azukreak eta gantz jangarriak izaten dituzte (bestelako gehigarriak ere bai batzuetan, produktua aberasteko), eta ore elastiko bat osatzen dute, glutenaren eraginez. Prentsa-sistemarekin mozten dituzte edo arrabola trokelatuarekin. Galleta gorrituei landare olioa ematen diete gainean labean eduki ondoren, eta berezien sailekoak, berriz, oinarrizkoetatik desberdinak izaten dira formaz, edo osagai bereziren bat edukitzen dute

(Marie Lu galletek, esaterako, arrautza daukate, eta Chiquilín-ek, arrautza, eztia eta kokoa). Yayita izenekoak ere gorrituak dira, landare olioz igurtzi baitituzte horiek ere. Guztietan merkeenak Rio etxeko Petit galletak izan dira (2,04 euro balio izan du kiloak) eta garestienak, berriz, Lu etxeko Marie Lu galletak (3,52 euro balio izan du kiloak). Oinarrizkoen saileko biak beste guztiak baino merkeagoak izan dira (2,04 eta 2,18 euro kiloak), eta berezien sailekoak atera dira garestien, 2,99 eta 3,52 euro artean kiloa. Gorrituen kiloak, berriz, 2,21 eta 3,01 euro artean balio izan du.


Galletak ala bestelakoak: 'sobaoak', magdalenak, kruasanak eta laboreak
Guk aztertu ditugun galletek ia ez dute urik izaten (% 1,5 eta 3 arteko hezetasuna eduki ohi dute), baina gantza bai dezente, nahiz eta kopurua aldatu egiten den mota batetik bestera (Rio etxeko Petit galletek % 10 dute gantza, eta Cuétara etxeko María Oro izenekoek, % 25); galletek zerbait badaukate, ordea, karbohidratoak dauzkate: batez beste, % 72, baina badira % 79 dauzkatenak ere. Proteinatan ez dira hain oparoak, baina badute zertxobait: produktuaren % 5,5-7 artean dabiltza. Eta zuntza ere aski gutxi daukate, besterik pentsa badaiteke ere: % 3,2 daukate Petit galletek (horiek eman dute gehien, eta gutxien, berriz, Artiach etxeko Marbú dorada izenekoek, % 1,1 baino ez).

Landare olioarekin egindako galletak osasungarriagoak dira landare gantzarekin egindakoak baino

Laborategiko azterketak erakutsi duenez, galleta horiei azukre ugari eransten diete: guk aztertu ditugun bederatzietatik hiruk % 19-20 artean eduki dute azukrea, eta guztien batez bestekoa % 17koa izan da. Galletak gozotzat jotzen dira, oro har, baina gatzik ere ez dute falta izan guk aztertu ditugunek: Marie Lu-k % 1,2 eduki du gatza, eta Chiquilin-ek % 0,3. Elikagai bat gaziegi jotzen da gatza % 1,5etik gora daukanean.
Elikadura-ezaugarri horiek edukita (hezetasun gutxi, karbohidrato asko eta gantz dezente), pentsatzekoa da kaloria ugari emango dituztela galletek. Eta halaxe da, izan ere: batez beste, 465 kaloria ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko; oinarrizkoek zertxobait gutxiago (432 kal/100 g) eta gorrituek gehixeago (482 kal/100 g). Hori horrela dela jakinik, ez da komeni otordutik otordurako tartean galletak jatea. Hobe da gosaritarako uztea.


Gosaritan jateko izaten diren beste jaki batzuekin alderatuta ere, oinarrizko oasungarriak gertatzen dira maria galletak; sobao eta kruasanek, adibidez, gantz gehiago dute galleta horiek baino, eta gantz saturatu gehiago ere bai, eta haiek baino kaloria gehiago ematen dituzte. Magdalenekin, alderatuta, ordea, besterik gertatzen da: magdalenek gantz gehiago izan arren, gantz horien % 16 soilik dira saturatuak, eta maria galletek, aldiz, gantzen % 50 dituzte saturatuak; gatza ere askoz gutxiago daukate magdalenek, maria galletek baino. Beraz, elikadura-ikuspegitik, zertxobait hobeak dira magdalenak (alde nabarmen-nabarmenik ere ez dago, egia esan). Maria galletak eta gosaritako laboreak alderatuz, berriz, aldea handiagoa da (laboreen alde): gantz gutxiago dute laboreek (% 2 eta 6 artean), askoz zuntz gehiago (% 15 eta 25 artean), eta 365 kaloria soilik ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko (maria galletak 430en inguruan dabiltza). Maria galleta oinarrizkoekin alderatu beharrean, beste bi motetako galletekin alderatuz gero, galletak ez dira geratzen leku onean: magdalenak osasungarriagoak dira, eta zer esanik ez laboreak. Bi galleta mota horiek kruasanen eta sobaoen pare dabil-tza elikadura-ezaugarrietan, eta ez dira oso komenigarriak eguneroko gosariak egiteko; galletek gantz gutxixeago dute, baina horien lipido-izaera ez da onena (saturatuak dituzte gantzen erdiak edo gehiago); gatza, azukrea, zuntza eta kaloriak, berriz, antzera dituzte.

No hay comentarios: