lunes, 22 de marzo de 2010

klasean egiteko esperientzia

“Imajina ezazu... ogi xerra, letxuga, tomatea, arrautza egosia eta bokartatxoarekin egindako pintxoari haginka egin eta zati bat ahoan sartu duzula... Uummmm! Hau da hau gosea! Hortz haginak erabiliz, murtxikatzen hasten zara, zenbat zapore... mihiaren gainaldean dituzun dastamen papilak burmuinari etengabe informazioa pasatzen ari zaizkio, pintxoaren jaki bakoitzak duen zaporeei buruzko informazioa. Tomatearena... bokartatxoaren gazia... Eta letxugak zein zapore du? Mikatza agian? Eta arrautzak? Eta ogiak? Murtxikatu ahala, zure mingainaren laguntzaz, listuarekin nahasten duzu pintxo zatia. Aizu! Ondo murtxika ezazu, badakizu-eta, zer esaten duten, janaria ehun bider murtxikatu behar omen dela irentsi aurretik, digestio ona nahi baldin bada! Segi beraz, murtxikatzen eta listuarekin nahasten, beste jaki guztiak, tomatea, bokartatxoa, arrautza eta letxuga, haginekin txikitzen dituzun bitartean, ogi zatia txikitzeaz gain, ahoan deskonposatu beharrean baitzaude, karbohidratoen lehen liseriketa lana egin behar baituzu, hau da, ogiaren karbohidratoak azukre bihurtu. Segi murtxikatzen, gozogazi dago orain zure ahoa, ez al da hala? Lan bikaina egin duzu, boloa ondo-ondo eratuta duzu-eta, beno ba ahoan azken buelta eman eta irentsi egingo duzu. Zure faringearen eta hestegorriaren mugimendu mekanikoak lagunduta, hor doa ahoko boloa pixkanaka, beherantz, urdailerantz. Heldu da boloa urdailera. Urdailaren hormak martxan jarri dira. Urdaila urina isurtzen hasi da, janariak substantzia txikiagotan desegin daitezen eta digestio prozesuak jarrai dezan. Urin hauei esker eta baita urdailaren mugimenduaren eraginez, arrautzaren eta bokartatxoaren proteinak eta baita ogiaren karbohidratoak ere guztiz desegingo dira ahi edo kimu bihurtuz.
Utzi urdailari bere lana betetzen eta sentitu nola egiten duen lan hori.
Urdailak lan hori bete dezan, odol isuri handia behar izaten du, sentitu nola doan gorputzeko odola zure sabelaldera, lan hori erraztera. Orain, zure gorputzeko energia gehiena urdailean duzu, horregatik ez duzu beste ezer egiteko gogo handirik, ia-ia logura sentitzen duzu, baina zure gorputzak lanean darrai, badu eta lana oraindik. Dagoeneko ahia prest dago eta piloroa ireki egin da, badoa, badoa ahia heste meharrera. Gibela, ahia badatorrela ikusita, hasi da behazuna isurtzen eta berehala bat egiten hasi dira ahia eta behazuna. Behazunak, are- urinak eta heste-urinak bat egin dute orain digestio lana amaitzeko. Jandako pintxoaren mantenugai guztiak digerituta dituzu dagoeneko. Heste meharreko odol-hodiak horiek xurgatzen hasi zaizkizu, eta odolak era berean gorputz osora banatzen, sentitzen al duzu? Sentitu ezazu gorputza indarberritzen hasten zaizula! Baina eta, zer gertatu da sortu diren hondakinekin? Hondakinak bere bidean aurrera doaz, heste lodiaren hasieran daude orain, gorputzak ura eta gatz mineralak xurgatu ditu, eta hondakin solidoak, nora doaz hondakin horiek? Gorputzetik atera behar dira, baina noiz? Momentu hori noiz den zuk zeuk inork esan gabe noiz den jakingo duzu!

No hay comentarios: